Zer da EMMOA?

Euskal mendizaletasuneko argazki historikoa
ZERGATIK SORTU DUGU EMMOA?

Euskal mendizaletasunaren historiak bete du dagoeneko mendea, eta zaletasun hori bideratu zuten lehenengo belaunaldiak, bizi-legez, pixkanaka-pixkanaka desagertzen joan dira, eta, era berean, desagertzen joan dira beren jardueren nortasun-ezaugarri ziren tresnak ere, ondare garrantzitsua osatzen zutenak. Era horretara, gure mendizaletasunaren bilakaeraren berri ematen zuten garai haietako botak, motxilak, sokak, kranpoiak, pioletak, iparrorratzak, agiriak eta abar galtzen joan dira pixkanaka, horiek kudeatzeaz eta gordetzeaz arduratuko zen erakunderik ez zegoelako.

Zenbait ekimen partikular bezain txalogarriri esker, oroimen historiko horren zati txiki bat salbatu da denboraren higaduratik, eta, duen berezitasunagatik, balio itzeleko herentzia da, hain zuzen.

Ondare horrek desagertzeko zuen arriskuaz jabetuta, mendizale-kolektibo batek, Euskal Mendizale Federazioaren bermearekin, EMMOA Euskal Mendizaletasunaren Museoa Fundazioaren sorrera sustatu du, euskal mendizaletasunaren historiarekin zerikusia duen ondare materiala biltzeko, gordetzeko, zaintzeko, zabaltzeko eta erakusteko.

ZEIN DA GURE PROIEKTUA?

EMMOAren sustatzaileok badakigu ondare hori ahanzturatik eta desagertzetik libratzeko hasi dugun proiektu honek mota askotako mugak dituela, eta onartzen dugu hori; hala ere, aurrera egingo dugu, premiazkoa baita guretzat beranduegi baino lehen zeregin horri heltzea.

Zaletasunak eta gure historiarekiko errespetuak bultzatuta, iritzi publikoaren aurrean agertu gara, beraz, erakunde, enpresa, mendi-federazio eta -kluben aldetik nahiz herri honetako milaka mendizaleren aldetik behar dugun laguntza lortzeko esperantzarekin; ea guztion artean Euskal Herriaren historiaren alderdi garrantzitsu hori salbatzea lortzen dugun.

Dohaintzaren figuran oinarrituta, honako hauek egin nahi ditugu: mendiarekin lotutako gaietan espezializatutako liburutegi handi bat, agirien artxibategi bat, fototeka bat, hemeroteka bat, bai eta balio historikoa duten piezen gordetegi bat ere, kontserbazio- eta segurtasun-baldintza guztiak beteko dituena. Horiek guztiek osatuko dute nagusiki Mendi Dokumentazioaren Euskal Zentroa, EMMOAren helburuen jomuga diren euskal gizarteko estamentuen laguntzarekin errealitate bihurtzea espero dugun zentroa.

GURE HELBURUAK

  • ONDAREA ESKURATZEA ETA GORDETZEA

    Mendiari eta mendizaletasunari buruzko ondare materiala eta ez-materiala eskuratzea eta kontserbatzea; bereziki, Euskal Herriko mendiei eta euskal mendizaleei buruzkoa.

  • BALIOAK TRANSMITITZEA

    EMMOAren jardueren eta funtsez bidez, herritarrei oro har eta gazteei bereziki mendizaletasunaren espiritua eta naturarekiko errespetua transmititzea.

  • ZABALKUNDEA INDARTZEA

    Euskal mendizaletasunaren historiaren zabalkundea sustatzea, gizartean hurbila eta ikusgarria izan dadin.

  • ESKURAGARRITASUNA ETA HEDAPENA

    Museoaren zerbitzuak eta edukiak herritarrek eskuragarri izan ditzaten laguntzea.

GURE HISTORIA

  • ASPALDIKO PROIEKTUA

    Federación Vasco Navarra de Alpinismo elkartearen sorrerako estatutuetan jasota dago mendiari eta mendizaletasunari buruzko museo bat sortu nahia.

  • ARTXIBO HISTORIKOA

    Elgetako Udalak utzitako lokal baten gordetzen dira Euskal Mendizale Federazioaren (EMF) Artxibo Historikoa osatzen duten dokumentuak.

  • ERAKUSKETA BILBON

    BBKren babesarekin eta Santi Yanizen zuzendaritzapean, otsailaren 13an inauguratu zen Bilbon “Euskal mendizaletasunaren historia, 100 urtetik gora” izeneko erakusketa.

  • ELGETA, HISTORIAREN SEASKA

    Euskal mendizaletasunaren museoa sortzeko kudeaketa-lanak egin ziren Elgetan, hango udalak hala eskatuta, baina bertan behera gelditu zen guztia, udalbatza aldatu zenean.

  • ARANTZAZUKO IKURRA

    Arantzazuko Gandiaga Zentroan eta Arantzazuko frantziskotar komunitatearen eta EMFren laguntzarekin, euskal mendizaletasunaren museoa kokaleku enblematiko horretan sortzeko aukera aztertu zen. Kulturagune horretako arkitektoa zen Miguel Ángel Alonso del Val jaunak proposatutako proiektu hori bertan behera utzi zen, berori gauzatzeko baliabide ekonomikorik ez zegoelako.

  • MURUETA DORREA, DURANGON

    Durangoko Udalari Murueta Dorrea uzteko eskatu zitzaion, dokumentazio-zentro eta etorkizuneko museoaren funtsezko elementu izan zedin. Proiektua bertan behera utzi zen, ez baitzen adostasunik lortu udalbatzan.

  • EMMOAREN SORRERA

    Gasteizen, notarioaren aurrean, Euskal Mendizaletasunaren Museoa/Fundación Museo del Montañismo Vasco, EMMOA, eratu zen, euskal mendizaletasunaren museoaren sorrera sustatzeko helburuarekin.

  • ARANZADIREN LAGUNTZA

    Aranzadi Zientzia Elkarteak, etorkizunean izango zuen egoitzan, espazio zabal bat eskaini zion EMMOA Fundazioari, espazio hori erabil zezan.

  • HISTORIA IKUSGAI DONOSTIAN

    2015eko otsailaren 20an, MENDIA erakusketa inauguratu zen San Telmo museoan; hiru hilabetean, euskal mendizaletasunaren historiari buruzko materialak eta dokumentuak jarri ziren ikusgai.

  • FUNDAZIOAK ITORPENA LORTU

    Eusko Jaurlaritzak EMMOA inskribatu zuen bere Fundazioen Erregistroan.

  • EMF-K BABESA ESKAINI EMMOARI

    2015eko ekainaren 22an sinatu zen EMFren eta EMMOA Fundazioaren arteko lankidetza-hitzarmena.

LAGUNTZAILEAK

ARANZADI
Logo Aranzadi

1947an sortu zenetik, Aranzadi Zientzia Elkartea etengabe ari da natura-inguruneren eta giza zientzien alorrean ikerketa eta hedapen zientifikoak garatzen; gaur egun, entzute handiko erreferentzia bilakatu da nazioartean, hainbat eta hainbat esparrutan, hala nola Bioaniztasunean, Antropologian eta Historian.

EUSKAL MENDIZALE FEDERAZIOA
Logotipo EMF

Euskal Mendizale Federazioa Elgetan (Gipuzkoa) sortu zen, 1924ko maiatzaren 18an, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako mendi-elkarteek sustatuta, Federación Vasco-Navarra de Alpinismo izenarekin.

ORONA FUNDAZIOA
Logotipo Orona Fundazioa

Orona Fundazioa irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da, eta ORONAren alderik gizatiarrena irudikatzen du. Erakundea osatzen duten pertsonei ez ezik, gizarte osoari ere eman nahi die zerbitzua. Bere helburua gizartearen garapena sustatzea da.